Maiatzaren 18tik 23ra bitartean egingo da jaialdia, Arkabia Kulturunean.
Icoff-Gasteiz Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bosgarren edizioa beteko du aurten eta agertoki berrian izango da: Arkabian, Vital Fundazioaren kulturgunean. Hilaren 18tik 22ra 50 film labur emango dira, aurkeztu diren 676 film laburren artean aukeratuak. Film horiek guztiak zinemaldi onenetan sarituak edo izendatuak izan dira, edo parte-hartu dute. Eta hilaren 23an, larunbatarekin, amaiera ekitaldian, epaimahaiak Ofiziala ataleko zinta onenaren sariaren eta publikoaren Nazioartekoa sariaren berri emango du. Bigarren sari hori lehen aldiz emango da.
Antolatzaileek zehaztu duenez, egitarauan fikzioa izango da nagusi, animazio eta dokumental arloetako proposamenekin batera, eta gorantz doan talentua eta ibilbide nabarmena duten lanak uztartuko ditu. “Generoak dramatik komediara doaz, eta tartean arlo soziala, beldurrezkoa eta esperimentala ditugu. Gaiei dagokienez, “emakumean, haurtzaroan, immigrazioan oinarritzen dira, baita hainbat arazotan ere, hala nola matxismoa, homofobia, bazterketa soziala eta genero indarkeria”.
Jaialdiak bere egiturari eutsi dio aurten Ofiziala, Nazioartekoa eta Bagare ataletan, eta formatu laburraren aldeko apustua sendotu du, sorkuntza garaikideko espazioa baita. Era berean, Icoff-Arin izeneko bat-bateko film laburren maratoia egingo da jaialdiaren egunetan. Hirian zehar pieza laburrak filmatzen dituzten lantaldeak izango ditu. Ikus-entzunezkoen ikasleak eta interesa duten pertsonak formatu txikiko zinemaren munduan parte hartzera erakartzea da helburua, adina kontuan hartu gabe.
Ofiziala ataleko emanaldiak astelehenetik ostiralera izango dira, 19:30ean. Ondoren, solasaldiak egingo dira, eta bertan, sortzaileek beren lanak aurkeztuko dituzte. Nazioarteko atala, berriz, asteartetik ostegunera izango da ikusgai, 17:00etan; eta Bagare, ostiralean, 17:00etan.
Abonamenduak eta sarrerak
Abonuak (15 €) nahiz sarrera solteak (3 €) Arkabiaren webgunean (www.arkabia.eus) edo Foru Plazako egoitzan (Posta kalea 13-15) eskura daitezke. Halaber, egun bakoitzeko emanaldietarako sarrerak emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik ere eros daitezke, baldin eta sarreraren bat salgai balego.