Besteak beste, Goiuri, arazo bat dugu! izeneko antzezlanak Kriselu Saria eraman du.
Bilboko Antzerki Arineko Jardunaldien 13. edizioa apirilaren 10ean hasi eta maiatzaren 4an amaitu zen. Hamasei obra taularatu ondoren, igandean eman zen ezagutzera aurtengo edizioaren palmaresa. Sari banaketara, parte hartzaileak, lagunak, senideak, Pabellon 6ko bazkideak eta publiko orokorra bertaratu zen.
Sari-emate ekitaldia Izar Pizarrok aurkeztu zuen, eta iazko edizioan bezala, “bere naturaltasun, berezkotasun eta profesionaltasunarekin harrapatu zuen publikoa lehen minututik”, nabarmendu du antolakuntzak. Berarekin batera izan ziren Albar Cirarda eta Gael Irusta, ekitaldia aurkezteaz gain, hainbat abestu interpretatu eta dantzatu zituzten, eta hamahirugarren edizio honetako datu batzuk eman zituzten.
Hamahirugarren edizioak utzitakoa erakutsi zuen bideoa proiektatu ondoren, hain estimatua den Publikoaren Saria eman zuten. Horren emaitza 1609 boto-txartel zenbatu ostean atera zen. Saria ex aquo joan zen honako talde hauentzat: Fedegabeko odolkia eta Un caballo de ceniza.
Ondoren, Pabellon 6ko Antzerki Laborategiak emandako Interpretazio Sariak banatu ziren. Oraingo honetan, sari guztiak euskarazko piezen interpreteei eman zitzaien: Ander Lacalle eta Omar Somairi (Fedegabeko odolkia), Xanti Korkostegi eta Garazi Urkolari (Nonato eta aborta) eta Leire Ormazabali (Goiuri, arazo bat dugu!).
Sarituek eskerrak eman ondoren. Edizio honetako irabazleak ezagutzeko unea iritsi zen. Epaimahaiko kideek, besteak beste, euskarazko lanen kalitatea eta sarituak aukeratzeak izandako zailtasunak azpimarratu nahi izan zuten.
Alex Angulo ikuskizun onenaren saria Alazne Astorgak eta Itxaso Gilek idatzi eta antzeztutako Eso que te gustaría decir y no dices obrarentzat izan zen. Elkarlanean egindako zuzendaritza izan du, bi aktoreak Saioa Miguelekin batera aritu baitira. Gainera, epaimahaiak Un caballo de ceniza antzezlanari aipamen berezia ematea erabaki zuen. Saria eta aipamena Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak banatu zituen.
Kriselu saria
Ondoren, Patxo Telleriaren txanda iritsi zen, eta Kriselu sariaren izena nondik datorren azaltzearekin batera, euskarazko piezek jardunaldiotan izan duten parte-hartzea nola aldatu den nabarmendu zuen. Antzerkigileak urtetik urtera euskarazko pieza gehiago eta kalitate handiagokoak jasotzen direla azpimarratu zuen.
Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen euskarazko muntaia onenaren Kriselu saria Idoia Garcesen Goiuri, arazo bat dugu! lanarentzat izan zen. Koldo Olabarri, Anje Oregi eta Leire Ormazabal dira obra honetako protagonistak eta Mikel Martinez aritu da zuzendari lanak egiten. Epaimahaiak Anodino Teatroaren Diamante gordina piezaren Aipamen Berezia ere egin zuen atal horretan. Aitor Fernandinoren testua, Aiora Sedanorekin batera interpretatua eta Getari Etxegaraik zuzendua. Begoña de Ibarra Zuazo Kulturako zuzendari nagusiak banatu zituen sariok.