Idazleak Los lectores presentan programan parte hartuko du online, bihar, abenduak 1, (12:30ean Mexikoko orduan, eta 19:30ean Euskal Herrikoan).
Euskal literaturak bere espazioa izango du berriro ere abenduaren 6ra arte egingo den Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL), Mexikon. Pandemiaren ondorioz, aurten online egingo bada ere, urtero milaka profesional, editore eta egile elkartzen dira Iberoamerikako literatura jaialdi handi honetan; eta lehen lerroko hainbat izenekin batera, Karmele Jaiok (Gasteiz, 1970) bertan parte hartuko du bigarren aldiz, oraingoan, Aitaren etxea eleberri arrakastatsuarekin, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, euskal literaturari ikusgaitasuna emateko asmoz.
Idazle gasteiztarrak gaztelaniara itzuli eta Guadalajaran aurkeztuko duen eleberriak hiru protagonista ditu: Ismael idazle blokeatua, aitaren zaintzaz arduratu behar dena; idazteari utzi dion Jasone emaztea; eta atzerrian bizi den Libe, Ismaelen arreba. Haien bidez, liburuak gogoeta egiten du generoak guztien egunerokoan duen eraginaz, eta, bereziki, maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez.
Jaiok Los lectores presentan programan parte hartuko du, bihar, abenduak 1, (12:30ean Mexikoko orduan, eta 19:30ean Euskal Herrikoan). Online saioan hiru irakurle anonimok, liburua aldez aurretik irakurri eta gero, La casa del padre aurkeztuko dute. Segidan, solasaldi bat egingo da idazlea eta publikoaren artean. Atal hau 2003. urtean sortu zuten irakurleei ahotsa eman eta liburu zaletasuna sustatzeko. Ordutik hona, 70 idazle baino gehiagok hartu dute parte programan, tartean dira Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Mikel Ayerbe, Anjel Lertxundi eta Juan Kruz Igerabide.