Mikel Ayllon, Pablo Barrio eta Irati Agirrezkuenaga (argazkia: Susa argitaletxea)

Mikel Ayllon eta Piszifaktoria Ideien Laborategiaren eta Pablo Barrioren antzezlanak Ganbila bilduman

Ganbila proiektuak euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu.

Susa argitaletxeak eta EHAZE Antzerkizale elkarteak Ganbila antzerki bildumako bi liburu berri aurkeztu dituzte Donostian: Mikel Ayllon eta Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Hau ez da gerra bat eta Pablo Barrioren 2074.

Oier Guillan idazle eta antzerkigileak koordinatzen du Ganbila proiektua eta euskal teatroaz ikuspegi zabala ematea du helburu, unean uneko fokua obra edota hainbat obra eta ahotsetan jarriz. “Antzerkiak agertu ohi duen errealitatea, baina, deformatua da”.

Susa argitaletxearen arabera, “Mikel Ayllon eta Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Hau ez da gerra bat liburuan, antzezlan itxurako hiru bala aurkituko ditu irakurleak: BunkerHau ez da gerra bat eta Hau gerra bat da. Ezohiko triptikoa osatzen dute, eta hirurak dira lan gordin, zuzen eta gupidarik gabeak. Zergatik? Zertarako? Artearen bitartez gerra bat bizitzeko, gerra gehiagorik bizi behar ez izateko”.

Lerroartean askotarikoak dira teatrogintza unibertsaleko erreferentziak eta eraginak. “Espazio eta denboren errepikak, gelditasunak eta ezlekutasunak absurdora garamatza, baina espresamoldeetan dramaren tonuaz jantzita. Gerraz ari gara, eta poetikak ez du inolako unetan gaia fribolizatu nahi, esanahiz eta kritikaz bete bai ordea, panfletoan erori gabe. Are gehiago, poetika horrek ateak parez pare zabaltzen dizkie bestelako irakurketei: gerraz ari gara, edo, funtsean, jendarte, bikote, bidaide egiten eta desegiten gaituzten harremanez”.

Pablo Barrioren 2074 liburuari dagokionez, izenburuak iradokitzen duenez, distopiaren ildotik idatzitako testua dela dio argitaletxeak. “Balizko etorkizunera luzatutako begirada gaurko gizartearen ispilu bilakatzen da, orainerako gogoetagai. Izan ere, sustrai anitzekiko gogoeta suma daiteke 2074ko pertsonaien artean. Bidea galderak eginez egiten da esango balute bezala. Halabeharraren bi zentzuekin (kasualitatea eta kausalitatea) jolas egiten dute agertokiaren erdian noraezean; norarik ezean eta umezurtz agertzen zaizkigun pertsonaiek. Eta galderak pausatzen dizkigute, galdetzea bera balitz bezala giza indarrez ibilarazten dituzten tramankuluen energia berriztagarria. Galdera eta zalantza, nondik eta nora, zergatik eta zertarako. Etorkizunari buruzko misterioaren eta ezjakintasunaren behe-lainoak inguratzen ditu pertsonaiak, eta baita iraganarenak eta orainarenak ere”.

Zabaldu: