Kimuak programaren 2026ko ediziora film laburrak aurkezteko epea maiatzaren 15era arte egongo da zabalik.
Kimuak film laburrak sustatu, zabaldu eta banatzeko Kimuak 2026 programa publikoan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. Programaren aurtengo ediziora film laburrak aurkezteko epea maiatzaren 15era arte egongo da zabalik.
Programak 1998az geroztik Euskal Herrian ekoiztutako film laburren nazioarteko hedapena sustatzea du helburu. Zineuskadik kudeatu eta mundu osoko azoka eta jaialdietan banatzen du, eta Etxepare Euskal Institutuak finantzatzen du. Halaber, Euskadiko Filmategiaren lankidetza jasotzen du film laburrak proiektatzeko.
Deialdi honetan hautatzen diren film laburrak Kimuak izenpean jasoko dira eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira.
Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2025eko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.
Euskal Herri osoko euskarazko film laburrak onartuko dira. EAEko film laburren kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak onartuko dira.
Filmek komertzialki estreinatu gabeak izan behar dute, eta gehienez ere 20 jaialditan inskribatuta egon izana onartuko da.
Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa kimuak.basqueaudiovisual.eus webgunean daude eskuragarri.