Lanak aurkezteko epea uztailaren 30era arte egongo da zabalik eta oinarriak zinebilera.eus webgunean daude eskuragarri.
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak aurten bere 49. edizioa egingo du, euskara eta zinema uztartzen dituen jaialdi gisa. Ekimenak urte luzez euskarazko ikus-entzunezko sorkuntza bultzatu du, eta antolatzaileen esanetan, erreferentziazko topagune bihurtu da arlo horretan: “euskara hutsez egiten den jaialdirik zaharrena da eta oso harro gaude urte hauetan guztietan gure hizkuntza sustatu eta hedatzeko egindako lanarekin”.
Jaialdiak zine berria egin eta istorio berriak kontatu nahi dituzten sortzaileetara heltzea du helburu. Urte bat gehiago, euskal ikus-entzunezkoen sorrera bultzatzeko lan egingo du Sail Ofizialeko Lehiaketak, hainbat sari ezberdinduz. Ohikoak diren Zuzendaritza, Gidoi eta Film Onenaren sariez gain, Ikusleen saria (zuzenean ikusleek aukeratzen dutena), Adineko epaimahaiaren saria (adineko pertsonek osatutako epaimahaiak ematen duena) eta Benito Ansola – Gazte epaimahaiaren saria (gazteek osatutako epaimahaiak ematen duena) ere izango ditugu aurten.
Aurtengo oinarrien arabera helarazitako lan guztietatik, aurre-aukeraketa bat egingo da eta, horietatik, 20 film laburrek osatuko dute Sail Ofizialeko Lehiaketa.
Euskal Zine Bilera aurten ere Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan egingo da urrian, eta bertan ikusi ahalko dira Sail Ofizialera heldu diren lan guztiak.
Antolakuntzak adierazi duenez, “euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea”.
Adineko epaimahaiaren sariak adineko pertsonek osatutako epaimahai bereziak hautatuko du, eta Benito Ansola – Gazte epaimahaiaren saria, berriz, gazteek osatutako epaimahaiak.
Sariak ondorengoak izango dira: Film Onenaren Saria (3.000 euro), Zuzendaritza Onenaren Saria (1.600 euro), Gidoi Onenaren Saria (1.600 euro), Benito Ansola saria (500 euro), Ikusleen Saria (750 euro) eta Adineko Epaimahaiaren Saria (1.000 euro).
Lan hauez gain, herritarrek osatutako epaimahaiak aipamen berezia egin ahal izango die hainbat filmi.
Lanak aurkezteko epea uztailaren 30era bitartean mantenduko da zabalik eta bere oinarriak zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri.
Sail ofizialeko lanen egileei sari banaketa ekitaldian parte hartzea errazteko Lekeition gaua igarotzeko aukera eskainiko zaie. Film bakoitzaren egileari gela bikoitza ziurtatuko zaio. Gaua igarotzera geratu ezin diren egileen kasuan dieta gastuak ordainduko zaizkie.