Adur Larrea ilustratzaileak ‘Lurbinttoko ohoinak’ komiki historikoa kaleratu du

Posted on 2022-11-25 by KulturSharea

Istorioa Frantziako Iraultzaren ondoren kokatuta dago eta ohoin banda baten abenturak ditu ardatz.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskarazko literatura sorkuntza sostengatzeko asmoz, Elkar Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak EKE-Elkar literatura beka jarri zuten martxan iaz lehen aldiz eta Katixa Dolhare-Çaldumbidek eta Joseba Larratxek osatutako epaimahaiak Adur Larrea ilustratzailearen Lurbinttoko ohoinak proiektuari beka ematea erabaki zuen. Istorioa Frantziako Iraultzaren ondoren kokatuta dago eta ohoin banda baten abenturak ditu ardatz.

1795, Konbentzio Gerla bukatu berria da. Gudu-zelaian, deportazio eremuetan edo erbestean egon direnek etxerako bidea hartu dute.

Herrira arribatzean, haietarik anitzek, beren etxe eta lurrak okupatuak, kixkaliak edo barreatuak atzeman dituzte. Ezpeleta, Itsasu edo Kanbo inguruetako soldadu ohi zenbait, gerlak eman dien esperientziaz eta armez horniturik, deportatu eta exiliatu ohi batzuekin elkartu dira, eta mendeku gosez dagoen talde antolatu bat osatu dute.

Bi urtez, Lapurdi ekialde horretan, deportaziora, erbestera edo gerlara igorri zituztenak jazarri dituzte, haien etxeetan ebatsiz eta egitate bortitzak burutuz. Lurbintto deritzon eremuan dute beren gordelekua.

Gazteluma sariaren ondorengoa

Elkarrek eta EKE-k Gazteluma literatura saria sortu zuten 2000. urtean, Ipar Euskal Herriko idazle gazteak euskaraz idaztera bultzatzeko eta beren obrak argitaratu ahal izateko. Orduz geroztik, bederatzi idazle saritu dituzte. Baina antolatzaileen arabera, “Gazteluma sariaren garaia amaitu da”. Izan ere, literatura sorkuntza laguntzeko beka horrek aldaketa bat behar zuela uste zuten bi erakundeek. “Gazteluma bezala, hau ere bi urtean behin antolatuko da eta beti euskaraz idazten duten Ipar Euskal Herriko idazleei zuzenduta egongo da”. Adinaren irizpidea, berriz, desagertu da. EKE-Elkar literatura beka honen beste berritasun nagusia literatura generoaren hautaketan datza. Eleberri edo ipuin bildumara mugatu ordez, bi antolatzaileek nahiago izan dute genero ezberdin bat proposatu edizio berri bakoitzarentzat. Lehena, eleberri grafikoa izan da.

Hala, beka honekin beste pauso bat eman nahi izan dute. “Ipar Euskal Herrian dauden sortzaileek euskararen lurralde osoan ikusgarritasuna eta zabalkundea izatea”, adierazi dute.

You may also like

‘Amorante Frantsesa’, poema bidez idatzitako eleberria kaleratu du Miren Agur Meabe idazleak
Posted on 2025-04-09 by KulturSharea
Liburu berri hau pertsonaia arrunt baten epopeia xumea da, thriller [...]
Maite Gurrutxaga ilustratzaileak bere berea den bigarren liburua kaleratu du ‘Tapakia’ izenburupean
Posted on 2025-04-03 by KulturSharea
Tapakia (Erein) hitzik gabeko liburua da eta baita besteenganako [...]
Joxean Sagastizabalek ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ eleberriaren berrargitalpena aurkeztu du
Posted on 2025-03-12 by KulturSharea
Inork ez zuen espero umorezko eleberri batek halako arrakasta izatea. [...]
12359

Page 1 of 59

Zabaldu: