‘Erdu!’ I. Haur Antzerki Jaialdia apirilaren 23tik 25era izango da Bilbon

Posted on 2021-04-06 by KulturSharea

Kotondarrak, Behin bazen internet, Etxerik txikiena eta Kaskarot antzezlanek osatuko dute egitaraua.

Atx Teatroak apirilaren 23tik 25era bitartean, Bilbon egingo den Erdu! Haur Antzerki Jaialdia aurkeztu du. Lehenengo edizio honetan, formatu ertain eta handiko haur eta familiei zuzendutako antzerki ikuskizunen lau proposamenek osatuko dute egitaraua. Jaialdia Bilboko Otxarkoaga auzoko Harrobian izango da.

Erdu!-ren  xede nagusia da “diziplina ezberdinetako euskarazko haur eta familia antzerkia zabaltzea, bai haren ohiko jarraitzaileei, baita ohiko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari ere”, azaldu dute Atx Teatroko kideek. Hala, jaialdi honen bereizgarria da Euskal Herri osoko euskarazko proposamenak bilduko dituela. “Hizkuntza eszeniko ezberdinen bitartez gaurkotasuna duten gaiak izango dira oholtza gainean, kritika eta urratzea nahasita, bizi dugun munduari buruzko ikuspegi desberdina eskaintzeko”.

Guztira lau antzezlanek osatzen dute programazioa: Anita Maravillas eta Portal 71 bizkaitarrek elkarlanean sortutako Kotondarrak; Lapurdiko Itzuli Konpainiak eta 13r3p-ren Behin bazen internet; Yarleku Teatroa nafarraren Etxerik txikiena; eta Atx Teatroa konpainia bilbotarraren Kaskarot.

Antzezlanak

Kotondarrak txotxongilo ikuskizuna da. Iraultza industrialean eta mende hasierako ehungintzako emakumeen grebetan oinarritutako istorioa da. “Ama eta hiru alabez osaturiko familiaren bidaiak, landa-despopulazioa, exodoa hirira, iraultza industriala, hirietako bizi baldintzak, kapitalismoa, ahizpatasuna eta emakume langileen borroka feminista islatu eta ikusarazten lagunduko digu”, azaldu dute. Protagonista txikien ikuspegitik errealitate biziko gertakariak azalduko dira agertokian. Apirilaren 23an taularatuko dute, arratsaldeko 18:00etan.

Behin bazen internet, bere aldetik, abenturaz beteriko bidaia da, zuntz optikoan eta elektrizitatean zehar. Sarearen funtzionamendua erakusten digu, ohartu gabe, ikasten ari garen bitartean. “Ikuskizunak ipuin konektatuak antzerkia eta teknologia berriak nahasten ditu, sarearen funtzionamendua haurrei (eta helduei) kontatzeko, gure ordenagailuen barnetik”. Behin bazen internet apirilaren 25ean taularatuko dute 12:30ean.

Etxerik txikiena ikuskizunak haur errefuxiatuek haien jaioterritik alde egiterakoan bizi duten ezbaia jorratzen du, haien helmuga zein izango den ez dakitenean. Apirilaren 24an eskainiko dute ikuskizuna, 12:30ean.

Amaitzeko, Kaskarot antzezlanean ezberdina izatearen aurreko beldurra, lehenengo harremanen lotsak eta “ni naizen hori” homonormatibitatearen aurrean defendatzea bezalako gaiak azaleratuko dira, antzerkia eta zuzeneko musika uztartuta. Ikuskizun hau ere apirilaren 24an taularatuko dute, arratsaldeko 18:00etan.

Emanaldi guztietarako sarrerak doan izango dira, baina aldez aurretik izena eman beharko da https://atxteatroa.eus/erdu/ webgunean. Pertsona bakoitzak gehienez lau sarrera eskuratu ahal izango ditu, eta ikuskizun bakoitzerako formulario ezberdin bat bete beharko du.

Jaialdia Harrobia Bilbao-Otxarkoagako Ekoizpen Eszenikorako Berrikuntza Zentroaren laguntzarekin eta Bilboko Udalaren Bilbao Aurrera Planaren finantzazioarekin antolatzen ari dira.

You may also like

Bilboko San Frantzisko auzora itzuli da Jon Arretxeren Toure detektibea
Posted on 2022-11-27 by KulturSharea
Prostituzioaren lege berriak nola eragingo duen Bilboko San Frantzisko [...]
Adur Larrea ilustratzaileak ‘Lurbinttoko ohoinak’ komiki historikoa kaleratu du
Posted on 2022-11-25 by KulturSharea
Istorioa Frantziako Iraultzaren ondoren kokatuta dago eta ohoin banda [...]

Page 11 of 57

Zabaldu: