Eskafandra bildumak Simone de Beauvoirren ‘Bigarren sexua’ saiakera ekarri du euskarara

Posted on 2019-11-29 by KulturSharea

“Emakumea ez da jaiotzen. Egin egiten da”. Esaldi ezagun horrek laburbiltzen du Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakera. 1949an argitaratua, aitzindaria izan zen emakumearen ustezko izatearen naturalizazioa eta zapalketa sistemikoa azaleratzen, ikerlari baten zehaztasun eta sakontasunez. Gaur egun Mendebaldeko pentsamenduaren giltzarrietako bat da, erabateko klasikoa.

Eskafandra bildumak euskarara ekarri du Irene Arrarats itzultzailearen lanari esker, eta Iratxe Fresnedak eta Nora Alberdik Bigarren sexua(z). Collage film laburra osatu dute. Egun mahai gainean ditugun auzietako askori heltzen baitie Simone de Beauvoirren saiakerak.

Ez zen feminista “Lehorte garaia zen. Sufragismoaren mugimendu historikoa bukatua zen ordurako, eta 70eko hamarkadako olatu feminista iritsi gabea”, gogorarazi du Arraratsek. Gainera, “garai hartan berak ez zuen inolako kontzientzia feministarik. Filosofoa eta existentzialista zelako heldu zion gaiari”. Abiapuntu horri jarraituz, beraz, jabetu zen emakumearen zapalketaz. “Existentzialista zenez, esentziarik ez zegoela pentsatzen zuen, eta gako hori emakumeari, ordura arte inork egin ez zuena egiten hasi zen: kulturaren mekanismo zapaltzaile batzuk deskubritzen”. Alegia, emakume izatea ez dela izaera bat ondorioztatu zuen Simone de Beauvoirrek, egoera bat baizik. “Gizaki emeei izanarazten zaien hori delako emakume izatea”. Eta hori hala izateko sistema oso bat zegoela azaleratu zuen. “Patriarkatuaren tripetan sartu zen nahi gabe”.

Modu oso metodiko eta analitikoan lan egin zuen pentsalariak. “Hori izan zen berrikuntza. Analisi hotz hori egin izana, zirujau baten bisturia atera eta zorrotz eta hotz aritu baitzen analisian”. Bere jakintza zabalari esker lortu zuen hori. “Existentzialismoa, antropologia, Hegelen ideiak… horiek guztiak gurutzatu zituen emakumearen egoerarekin”. Kritika zaparrada jaso zuen argitaratu bezain pronto, dio Arraratsek. Elizak liburu debekatuen zerrendan sartu zuen, eta, pentsalari kontserbadoreek ezezik, kamaradatzat ere izan zituenak jarri zitzaizkion kontra. “Esaterako, bere laguna zen Albert Camus idazlea haserretu egin zitzaion. Gizaseme frantsesa barregarri utzi zuela esan zion”. Eskertza zaparrada ere etorri zitzaion, dena den. Milaka emakumeren eskutitzak jaso zituen urte luzetan,”hain zoritxarreko sentiarazten zituen hori beraiei bakarrik gertatzen ez zitzaiela” konturatu zirelako eskerrak emanez.

Bi liburuki liburu bakarrean Saiakera bi ataletan banatu zuen Simone de Beauvoirrek; horregatik argitaratu du Eskafandrak bi liburukitan banatuta.

Lehenengo liburukiak emakumeari buruz esan eta irudikatu dena aletzen du, hainbat ikuspegitatik. Bigarren liburukiak, berriz, emakumeen bizimoduari erreparatzen dio, bere egoera eta baldintzei: amatasunari, ezkonduaren bizimoduari, prostituzioari, lesbianen egoerari, haurtzaroari… Guztia beste autoreek esandakoak lagun, besteak beste.

Filmari dagokionez, abenduaren 6an, Durangoko Azokan estreinatuko dute eta egileek hainbat elkarrizketa egin dituzte: Amaia Lasa, Jule Goikoetxea, Jenofa Berhokohrigoin… Horien hitzak uztartzeko gero pentsalari frantsesarenarekin.

You may also like

Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileak Assata Shakurren ‘Autobiografia bat’ liburua euskaratu du
Posted on 2022-10-31 by KulturSharea
Katakrak argitaletxearen eskutik ekarri du euskarara Pantera Beltzak [...]
Iñigo Antsorregik depresioa lehen lerrora ekarri nahi izan du ‘Nire minaren etxean’ saiakerarekin
Posted on 2022-10-30 by KulturSharea
Egileak broma giroan kontatu nahi izan du bere prozesua, “liburuan ni [...]
Zea Maysek Doctor Deseo taldearen ‘Corazon de tango’ abestiaren bertsio berria aurkeztu du
Posted on 2022-10-30 by KulturSharea
Bilboko Doctor Deseo taldearen Corazón de Tango klasikoa propio egin [...]
‘Aukeratu zure abentura’ eta ‘scapebook’ egitura uztartzen dituen liburua kaleratu du Nerea Loiolak
Posted on 2022-10-26 by KulturSharea
7G Udalekuak Eskapu bilduma berriaren lehendabiziko liburua da. [...]
Kokein taldeak ‘Ispiluari Begiratzean’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2022-10-17 by KulturSharea
Kanta honen hitzek epaitzen ez duen barne begirada batetik abiatuta [...]
Norberaren ekografiaren irakurketa dakar Lorelei taldeak ‘Ekografiak’ disko berrian
Posted on 2022-10-14 by KulturSharea
Aurten 25 urte bete dira taldearen lehen diskoa, Bada hiri gorri bat, [...]
Eñaut Elorrietak ‘Zutaz letrak idazteko’ kantua aurkeztu du
Posted on 2022-09-29 by KulturSharea
Eñaut Elorrietak udazken honetan argitaratuko duen Fantasia diskoaren [...]

Page 12 of 57

Zabaldu: