Haize-arrosa taldeak ‘Ez dogu zor ezer’ kanta eta bideoklipa kaleratu ditu

Posted on 2023-11-06 by KulturSharea

Abestiak gizarteak edertasunaren inguruan sortu dituen kanonak kritikatzea du helburua.

Berrizen sortu zen iaz Eneritz Gorritxategi, Edurtzeta Ania, Markos Murillo, David Vallejo eta Peio Agirre musikariek sortutako Haize-arrosa izeneko taldea. Boskote berri honen musika koloreak askotarikoak eta pluralak dira, baina ez da ari haize-orratzak markatzen duenaren arabera. Ongi hausnartutako erritmoak landu dituztela nabarmendu dute, izan ere, eskarmentu handiko musikariez osatuta dago talde berria, 1990eko hamarkadako Ene Bada taldean aritutakoak gehien bat, eta askatasunetik ateratako erritmoak landu dituzte. Folk-rock, Irish-folk-rock, pop-rock, country-rock, elektro-pop-triki, world-fusion, balada, flamenkoa, mex, fandangoa, a capella edota ambient dira entzun daitezkeen doinuetako batzuk.

Joan den martxoan Tortolaraino izeneko aurkezpen kanta plazaratu zuten eta oraingoan bigarrenarekin datoz: Ez dogu zor ezer. “Gizarteak edertasunaren inguruan sortu dituen kanonak kritikatzea du helburua abestiak, gorputz normatiboetatik harago bizitza zoragarriak daudelako, eta hori aldarrikatzea eta zaintzea bizitza bera defendatzea da”, azaldu du boskoteak.

Gorritxategi eta Aniarekin batera, Francis Diazen (Doctor Deseo) ahotsa ere entzun dezakegu kanta berrian. Letra, berriz, Onintza Enbeita bertsolariak idatzi du, eta Aitor Ariñok grabatu du. Bideoa Maria Redondok zuzendu du, eta Itziar Ituño, Juanjo Otero, Marina Ostolaza eta Uxue Santa Eufemiaren lanaz gozatzeko aukera ematen digu.

You may also like

‘Hariak’ sentikaria estreinatuko dute gaur, Zarautzen
Posted on 2019-05-17 by KulturSharea
Yoseba Peña idazlearen Hariak eleberrian oinarrituta, izen bereko [...]
Euskal Eskola Publikoaren jaiaren bideoklipa
Posted on 2019-05-14 by KulturSharea
2019ko ekainaren 2an egingo da Euskal Eskola Publikoaren Jaia [...]
Gatom rap abeslariaren ‘Fvck Neutrx’ abestiaren bideoklipa
Posted on 2019-05-09 by KulturSharea
Iaz bi disko argitaratu ostean, aurten estilo berri batekin dator [...]

Page 52 of 61

Zabaldu: