Korrikak baditu kantua eta bideoklipa, Sustrai Colinak idatzi du letra eta Nerea Urbizurena da musika

Posted on 2021-12-16 by KulturSharea

Sustrai Colina bertsolariak idatzi du HitzEkin abestiaren letra eta Nerea Urbizu musikaria izan da zuzendari artistikoa. Ane Garciak eta Anarik ere hartu dute parte kantuan.

Korrikaren 22. edizioa girotuko duen kanta aurkeztu dute arratsaldean, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan. Sustrai Colina bertsolariak idatzi du letra eta Nerea Urbizu musikaria izan da zuzendari artistikoa. Lekunberriko musikariarekin batera, Ane Garciak eta Anarik jarri diote ahotsa HitzEkin izeneko abestiari.

Pop doinuaz jantziriko kantak bideoklipa ere badu: bertan, jendartearen egungo errealitate desberdinak “korrika egiten” azaltzen dira, eta amaieran, jendea batuta, euskararen aldeko Korrikan hitz ekiteko prest. Eymard Uberetagoena (Tripulante Produce) aritu da bideokliparen ekoizle lanetan. Aurkezpenean, Asier Amondo Korrikaren arduradunak eta abestiaren eta bideokliparen egileek hartu dute parte.

Urbizuren esanetan, “abestia emozionala da, soziala. Pop kutsua dauka gehienbat, eta hiru adin desberdineko emakumek abestua da, gure helduen eta txikien arteko katearen sostengu eta bitartekaritza irudikatzeko”. Mezuari dagokionez, Urbizuk azaldu du “irekia” izan arren, “balore garrantzitsuak” bultzatzen dituela: “ausarta izatea, ahalduntzea, oztopoen gainetik aurrera egitea edota beldurrak gainditzea”.

Aurkezpenean, Uberetagoenak ekoiztutako bideoklipa ikusteko aukera ere izan dute gerturatutakoek. Horren harira, Urbizuk azaldu du “hainbat istorio biltzen dituen film laburra” dela, eta “jendeak korrika egiteko motibazio ezberdinak dituen moduan, gure Korrikarekin ere halako zerbait gertatzen da: sentsibilitate desberdineko jendea biltzen dituen arren, denoi eragiten digu indar bat, poz bat, babes bat”.

Amondok, bere aldetik, azpimarratu nahi izan du HitzEkin leloaren esanahia, abestiaren izenburua ere badena, “hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea”. Eta harago joan da, unea orain dela esanez, “euskara hitzetik ekintzara pasatzeko unea. Aldekotasunetik konpromisora jo behar da eta konpromisotik eragitera, erakunde orok urrats sendoagoak emateko jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko”.

You may also like

Ensemble 0 taldeak ‘Pozgarria da’ kanta eta bideoklipa aukeztu ditu
Posted on 2021-11-09 by KulturSharea
Ensemble 0 taldearekin musika garaikideak beste zentzu bat hartzen du. [...]
Olatz Salvadorrek ‘Ahots Hari’ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-11-02 by KulturSharea
Rozalen musikaria du alboan Salvadorrek abesti honetan. Olatz Salvador [...]
Gozategi taldearen ‘Nirekin’ kantuaren bertsioa egin du Jon Maiak
Posted on 2021-10-21 by KulturSharea
Jon Maiak Kantu bat gara izeneko disko-liburua argitaratuko du [...]
Zea Mays taldeak ‘Kemena’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-09-24 by KulturSharea
Izen bereko EP-a kaleratu du talde bilborratak, 'Inondik Inora' [...]
Nøgen taldeak kontzertu berezia eskainiko du urriaren 1ean, Bilbon
Posted on 2021-09-23 by KulturSharea
Urriaren 1ean Nøgen taldeak kontzertu berezi bat eskainiko du Bilbao [...]

Page 19 of 57

Zabaldu: