Lurrikara baten dardara dakar Itxaro Bordak idatzitako ‘Itzalen tektonika’ poema liburu berriak

Posted on 2024-04-24 by KulturSharea

Askotariko gaiak landu ditu lan honetan, horien artean daude politika, ekologia, maitasuna… Bordak azken zazpi urteetan tren geltokietan eta hoteletan idatzitako poemekin osatu du lana.

Itxaro Bordaren (1959, Baiona) hamahirugarren poemategia dugu Donostian aurkeztu duen Itzalen Tektonika izenburukoa. Askotariko gaiak ageri dira lan honetan: politika, ekologia, maitasuna… horiek guztiak jasotzeko bada liburua berezi egiten duen ezaugarri bat: Egitura. “Sarrerako poema bat eta zazpi atal ditu, erdian du epizentroa eta lurrikara baten dardararekin, liburu hasierara eta bukaerara hedatzen dira epizentro horren uhinak, hiruna erreplikatan”, azaldu du Leire Lopez Ziluaga Susa argitaletxeko editoreak. “Epizentroa atalak 34 poema biltzen ditu, eta liburuaren izenburu bera darama: Itzalen tektonika. Atal hori baino lehen, hiru erreplika daude, eta ondoren, beste hiru. Hala, poema liburu honetan badaude markatuagoak dauden bi irakurketa modu posible: “Ordena arruntean irakur daiteke, hasieratik amaierara, edo irakurlea epizentrotik hasi daiteke eta gero errepliketan barneratu”.

Epizentro ataleko poemak laburrak dira, denak orrialde bakarrekoak eta gai aldetik askotarikoak: idazketa eta hizkuntza, gerra, maitasuna, natura, orainean txertatutako iragana, harremanak, politika, familia, sumendiak… eta horien guztien itzalak. Hamalau urterekin idaztea hil ala biziko jarduntzat deskubritzen duen norbaiten aitortzak abiatzen du atal hau, “neskaren aldera nola gerturatu ez dakien norbaiten ahotsa, idazketa eta desira lotuta daude hasieratik”, zehaztu du editoreak.

Erreplika ataletako poemak, berriz, luzeagoak dira, baina atal bakoitzak poema gutxiago ditu, 2 eta 5 poema artean, guztira 19 poema daude bilduta sei atal hauetan. Gaiei dagokienez, feminismoa, gai sozialak, ekologismoa harremanak, maitasuna… dira nagusi.

Bordak azken zazpi urteetan tren geltokietan eta hoteletan idatzitako poemekin osatu du lana. “Testu gehienak Pirinioetan idatzi ditut, poetizazio nomada batean, “hotelak daude, ibilaldiak, lekuak, tren geltokiak”.

Egileak Bitoriano Gandiaga, Jeanne Dielman, Mariupol edo Olot herria ere omendu nahi izan ditu liburu honekin.

You may also like

Eva Perez-Ponsek ‘Zaharkitze programatua’ poesia liburua aurkeztu du
Posted on 2020-07-07 by KulturSharea
Perspektiba feminista batetik heldu dio liburuari Lemoako idazleak. [...]
‘Ateak itxita’ proiektuaren bigarren emaitza: ‘Egoerak’
Posted on 2020-06-22 by KulturSharea
Kukai Dantza taldeak eta Nafarroako Unibertsitateko Museoak Ateak [...]
‘Mila aldiz’ Nøgen taldearen kanta berria
Posted on 2020-06-15 by KulturSharea
Mila aldiz: Donostiako taldearen hurrengo lan luzea izango denaren [...]
‘Bi mahai eta behi bi’, The Binilos taldearen abesti berria
Posted on 2020-06-11 by KulturSharea
The Binilos taldeak konfinamendua hasi aurretik grabatutako irudiekin [...]
‘Amets egin’, EraBateraren disko berriaren aurrerapen kantua
Posted on 2020-06-11 by KulturSharea
Gatibun baketak astintzen aritzeaz gain, Gaizka Salazar musikariak [...]
‘Zurekin batera’ ETS taldearen kantu eta bideoklip berria
Posted on 2020-06-10 by KulturSharea
ETS taldeak aurkeztu duen Zurekin batera kantua itxialdi egoeran [...]

Page 30 of 57

Zabaldu: