Norberaren ekografiaren irakurketa dakar Lorelei taldeak ‘Ekografiak’ disko berrian

Posted on 2022-10-14 by KulturSharea

Aurten 25 urte bete dira taldearen lehen diskoa, Bada hiri gorri bat, argitaratu zenetik.

Hiru urte dira Lorelei taldeko kideak elkartu zirela bira bat egiteko. 2020ko itxialdiak baina, dena zapuztu zuen. Gerora, taldekide bakoitzak bere pandemia pertsonala bizi izan zuela kontatu du Asier Serrano kantari eta idazleak, Mikel Gorosabel musikariak disko bat grabatzea proposatu zion arte, taldearen hirugarrena, eta gaur aurkeztu dutena Ekografiak izenpean.

Serranok aitortu duenez, sorkuntzarekiko neke bat zuen eta disko honek eta Mikelen eskuzabaltasunak salbatu zuen. “Ikusi nuen sorkuntzak, musikagintzak, letrak, literaturak… bere dohain balsamikoa zeukatela”. Horrela hasi zen disko berria grabatzeko abentura.

Abestiek “gutaz, gu minuskulaz idatzitako gure iraganaz hitz egiten dute, baina maiuskulaz idazten den gu kolektibo baten beldurrak, minak… ere agertzen dira. Sentimendu unibertsalez ari gara, iraganetik datorren oihu bat da. Ekografiak azken finean oihartzunen irakurketa bat da eta ikusten dugu entzuleak disko honekin bere bizitzako errepasoa ere egin dezakela”, adierazi du Serranok.

Gorosabelentzat “sormena, nahiz eta beti hor azpian egon, animoak altxatzeko terapia ona izaten da, are gehiago emaitza ikusten duzunean, lehenengo kantua biribiltzen duzunean, bigarrena, hirugarrena… Lan hau forma hartzen hasten denean garbi ikusten duzu badatorrela. Uste dut oso lan atsegina izan dela, ez da batere tensoa izan, presarik gabekoa, denborak lagundu izan digu gauzak lasai egiten eta hori emaitzan ikusten da”.

Musika estiloari dagokionez, giro ezberdinak islatu nahi izan dituzte, “giro oso intimoak daude”, dio Gorosabelek, baina badira rock eta popa ere. Bere ustez, “oso disko borobila” da. Aurreko bi lanetan bezala, “azken kanta poema musikatu bat da eta ikaragarri geratu da”.

Gorosabelek disko kontzeptual bezala, lehenengo kantatik azkenengora intimitatean edo behintzat bakarrik entzuteko lan bat dela ere nabarmendu du.

Diskoaren aurkezpen bira

Hirugarren lan honek taldearen 25. urteurrenarekin bat egiten du. Aurretik Bada hiri gorri bat (1997) eta Tatuatu zenidan zerua (1999) kaleratu zituzten. Loreleiren agurretik bi hamarkada iragan diren honetan, Antxon Sarasua eta Loiola Madera musikariekin batera igoko dira antzokietako oholtzetara Gorosabel eta Serrano abendutik aurrera.

You may also like

Ibil Bedi talde nafarrak Agerraldia ekimenari kantua egin dio
Posted on 2021-09-15 by KulturSharea
Ibil Bedi taldeak Agerraldia ekimenari kantua egin dio. Agerraldia [...]
Uxue Alberdik eta Araiz Mesanzak ‘Hili’ album ilustratua kaleratu dute
Posted on 2021-09-13 by KulturSharea
Heriotzaren inguruan, Alberdik izandako hainbat burutapen eta galdera, [...]
Lur Jota taldeak ‘20 urte eta gero’ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-09-13 by KulturSharea
Zorrotzako taldeak irailaren 18an kaleratuko du aurreneko diskoa eta [...]
Iker Laurobak ‘Uda’ diskoaren ‘Kilima aldaketa’ kantua aurkeztu du
Posted on 2021-09-10 by KulturSharea
Imanol G.Gurrutxaga eta Nagore Muriel (I.G.G. Ekoizpenak) izan dira [...]
Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak ´Ikusezina´ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-09-03 by KulturSharea
Musikari beratarrak gidatzen duen taldeak irailaren 10an argitaratuko [...]
Zelanda taldea sortu dute Fran Uriasek eta Ane eta Iñaki Bastida neba-arrebek
Posted on 2021-09-03 by KulturSharea
Hirukoak Amarena aurrerapen kanta aurkeztu du. Lehen diskorako bost [...]
Anarik Nacho Vegasen ‘Vinu, cantares y amor’ kantaren bertsioa aurkeztu du
Posted on 2021-09-01 by KulturSharea
Anari Alberdi kantariak Nacho Vegas asturiarraren Vinu, cantares y [...]
Joanes Lopez Zeraingoa du protagonista Patri Urkizuren ‘Suaren Froga’ eleberriak
Posted on 2021-07-22 by KulturSharea
Urkizuk errealitatea eta fikzioa uztartu ditu eleberria osatzeko. [...]
Itxaro Bordak Amaia Ezpeldoi detektibearen azken lana aurkeztu du
Posted on 2021-07-19 by KulturSharea
Euri zitalari esker eleberria Donibane Garazin abiatzen da. [...]

Page 20 of 56

Zabaldu: