Oroitzapenetan iltzatuta dauden tokiei buruzko poema liburua ondu du Castillo Suarezek

Posted on 2023-02-17 by KulturSharea

Idazle altsasuarrak Donostian aurkeztu du gaur Alaska poema liburua.

Tokiei dolua egiteko beharretik sortu da Castillo Suarez idazleak (Altsasu, 1976) idatzi berri duen Alaska poema liburua. Gaur aurkeztu du lana Donostian, Elkar argitaletxearen eskutik. “Liburu honen abiapuntua Maddi Barberren esaldi bat izan zen, berak bere buruari galdetzen zion nola egiten zaien tokiei dolua. Hortik abiatuta nire haurtzaroarekin zerikusia daukan paraje bat hautatu dut, kasu honetan Alaska hotela”.

Alaska garai batean Altsasun egon zen jatetxe bat izan zen, bidaiariz eta turistaz betea egoten zena, Bernardo Atxagak bere liburuetako batean aipatu zuena. Amerikak bere ipar muturrean Siberiarekin bat egiten duen lurralde hotz hartan egin zuen jabeak nahikoa diru jatetxe hura muntatu eta, ondoren, Etzegaraten hotel handi eta elegante bat egiteko, igerilekua zuena, eta gaur egun abandonatuta dagoena.

Egileak azaldu duenez, “gure oroitzapenetan iltzatuta dauden tokien eta gure artean dagoen harreman horri buruzko bidaia bat egiten dut poemen bitartez eta desagertzen diren tokiek uzten diguten hutsuneari buruz, bizitzak beste gauza batzuekin betetzen dituenak, zorionez”.

Liburuaren egiturari dagokionez, Suarezek dio berezia dela, “nire orain arteko liburuak poema liburu klasikoak izan dira, baina, kasu honetan, sarrera narratibo bat egitea beharrezkoa iruditu zait, eta hor emakume baten istorioa kontatzea, bere puskak biltzen ari den emakume bat, bere etxea uzten ari dena eta amets egiten duena bere haurtzaroko paraje batekin, Alaska hotelarekin, hain zuzen. Protagonista haur zenean, bertan lan egiten zuen zerbitzari ilegorri batekin liburuak irakurtzen zituen bezerorik ez zegoenean.

Hala, Suarezek maite izan ditugun pertsona zein tokiei lotuta dauden abandonuaz, galeraz eta doluaz idatzi du. 20 urte baino gehiagoko bere ibilbide literarioan, aurreko Irautera atera zenetik lau urtera, beste ale bat ekartzera, beste mugarri bat jartzera dator poeta, indar handiko irudi eta ideiak biltzen dituena, irakurlea bere baitan miatzen jarriko duena.

You may also like

Ensemble 0 taldeak ‘Pozgarria da’ kanta eta bideoklipa aukeztu ditu
Posted on 2021-11-09 by KulturSharea
Ensemble 0 taldearekin musika garaikideak beste zentzu bat hartzen du. [...]
Olatz Salvadorrek ‘Ahots Hari’ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-11-02 by KulturSharea
Rozalen musikaria du alboan Salvadorrek abesti honetan. Olatz Salvador [...]
Gozategi taldearen ‘Nirekin’ kantuaren bertsioa egin du Jon Maiak
Posted on 2021-10-21 by KulturSharea
Jon Maiak Kantu bat gara izeneko disko-liburua argitaratuko du [...]
Zea Mays taldeak ‘Kemena’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-09-24 by KulturSharea
Izen bereko EP-a kaleratu du talde bilborratak, 'Inondik Inora' [...]
Nøgen taldeak kontzertu berezia eskainiko du urriaren 1ean, Bilbon
Posted on 2021-09-23 by KulturSharea
Urriaren 1ean Nøgen taldeak kontzertu berezi bat eskainiko du Bilbao [...]

Page 19 of 57

Zabaldu: