Aitziber Etxeberriak etorkizun hurbil bat irudikatu du, ustezko gizarte hobeago batek dituen gabeziekin

Nobela hau idazterako orduan bi kezka nagusi izan ditu buruan egileak: teknologiaren gehiegizko erabilpena eta deskarbonizazioa.

Aitziber Etxeberria idazleak Reset nobela distopikoa kaleratu du Erein argitaletxearen eskutik. Honetan, etorkizun hurbil bat irudikatzen du, ustezko gizarte hobeago batek dituen gabeziak erakutsiz eta etorkizuneko gizarte ereduei buruz hausnartuz.

Alegiaroaren 46.urtea. Klaustro Zuriak gidatzen duen M eremuko gizarte teknologiko eta aurreratuan, ustezko zuzentasunaren distira iluntzen duten itzal uneak hedatzen hasi dira han-hemenka. Azken Bateratzean eratu zen klasetan banaturiko gizarte eredu berriaren ongizatea bermatzea da, Segurtasun Departamentu buruaren, Mararen, egiteko nagusia. Zilar pribilegiatuen eta haien menpeko diren karbonikoen arteko oreka mantentzea geroz eta zailagoa da, ordea. Hori gutxi balitz, gizarte justuago baten alde eragindako gehiegizko kontrolaren aurka borrokatzeko prest dagoen disidentzia eratzen ari denaren susmoa geroz eta sendoagoa da. Sistemak ez du akatsik onartuko.

Nobela hau idazterako orduan idazleak bi kezka nagusi izan ditu buruan: teknologiaren gehiegizko erabilpena eta deskarbonizazioa. Egileak adierazi duenez, “egia da mundu digital batean bizi garela eta gure bizitza erabat aldatu duela. Ukaezina da aurrerapen pila bat ekarri dizkigula, onura pila bat… eta gure bizitza gaur egun ez genukela ulertuko teknologia hori gabe, baina egia da baita ere teknologia horrek ilunagoa den beste alde bat ere badaukala. Bere erabilerak gure bizitza erabat aldatu du: kontsumo ohiturak, gure aisialdia, besteekin harremantzeko moduak… Horretaz gain, fake news-ak errez zabaltzea, desinformazioa, sortu ditu.

Eleberriaren beste gai nagusia aldaketa klimatikoa da, “nahiz eta batzuk ukatu egiten duten, uste dut bistakoa dela hemen dagoela, eta gugan izango duen eragina hasieran uste genuena baino handiagoa izango dela”, adierazi du Etxeberriak.

You may also like

Metrokoadrokak eta Don Inorrez taldeak antzerkia eta musika uztartzen dituen egitasmoa aurkeztu dute
Posted on 2025-01-16 by KulturSharea
Disko batek eta zuzeneko musika eta antzerkia uztartzen dituen pieza [...]
Markos Zapiainek Txillardegik hizkuntzalaritzan egindako lana eta iritziak batu ditu
Posted on 2025-01-09 by KulturSharea
Liburua hiru zatitan banatu du egileak: Hizkuntzatasuna, euskararen [...]
Benito Lertxundiri egindako omenaldia Landako gunean
Posted on 2024-12-08 by KulturSharea
Amaiera hunkigarria izan du Durangoko Azokaren 59. edizioak. Benito [...]

Page 2 of 59

Zabaldu: