Lurrikara baten dardara dakar Itxaro Bordak idatzitako ‘Itzalen tektonika’ poema liburu berriak

Posted on 2024-04-24 by KulturSharea

Askotariko gaiak landu ditu lan honetan, horien artean daude politika, ekologia, maitasuna… Bordak azken zazpi urteetan tren geltokietan eta hoteletan idatzitako poemekin osatu du lana.

Itxaro Bordaren (1959, Baiona) hamahirugarren poemategia dugu Donostian aurkeztu duen Itzalen Tektonika izenburukoa. Askotariko gaiak ageri dira lan honetan: politika, ekologia, maitasuna… horiek guztiak jasotzeko bada liburua berezi egiten duen ezaugarri bat: Egitura. “Sarrerako poema bat eta zazpi atal ditu, erdian du epizentroa eta lurrikara baten dardararekin, liburu hasierara eta bukaerara hedatzen dira epizentro horren uhinak, hiruna erreplikatan”, azaldu du Leire Lopez Ziluaga Susa argitaletxeko editoreak. “Epizentroa atalak 34 poema biltzen ditu, eta liburuaren izenburu bera darama: Itzalen tektonika. Atal hori baino lehen, hiru erreplika daude, eta ondoren, beste hiru. Hala, poema liburu honetan badaude markatuagoak dauden bi irakurketa modu posible: “Ordena arruntean irakur daiteke, hasieratik amaierara, edo irakurlea epizentrotik hasi daiteke eta gero errepliketan barneratu”.

Epizentro ataleko poemak laburrak dira, denak orrialde bakarrekoak eta gai aldetik askotarikoak: idazketa eta hizkuntza, gerra, maitasuna, natura, orainean txertatutako iragana, harremanak, politika, familia, sumendiak… eta horien guztien itzalak. Hamalau urterekin idaztea hil ala biziko jarduntzat deskubritzen duen norbaiten aitortzak abiatzen du atal hau, “neskaren aldera nola gerturatu ez dakien norbaiten ahotsa, idazketa eta desira lotuta daude hasieratik”, zehaztu du editoreak.

Erreplika ataletako poemak, berriz, luzeagoak dira, baina atal bakoitzak poema gutxiago ditu, 2 eta 5 poema artean, guztira 19 poema daude bilduta sei atal hauetan. Gaiei dagokienez, feminismoa, gai sozialak, ekologismoa harremanak, maitasuna… dira nagusi.

Bordak azken zazpi urteetan tren geltokietan eta hoteletan idatzitako poemekin osatu du lana. “Testu gehienak Pirinioetan idatzi ditut, poetizazio nomada batean, “hotelak daude, ibilaldiak, lekuak, tren geltokiak”.

Egileak Bitoriano Gandiaga, Jeanne Dielman, Mariupol edo Olot herria ere omendu nahi izan ditu liburu honekin.

You may also like

Ensemble 0 taldeak ‘Pozgarria da’ kanta eta bideoklipa aukeztu ditu
Posted on 2021-11-09 by KulturSharea
Ensemble 0 taldearekin musika garaikideak beste zentzu bat hartzen du. [...]
Olatz Salvadorrek ‘Ahots Hari’ kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-11-02 by KulturSharea
Rozalen musikaria du alboan Salvadorrek abesti honetan. Olatz Salvador [...]
Gozategi taldearen ‘Nirekin’ kantuaren bertsioa egin du Jon Maiak
Posted on 2021-10-21 by KulturSharea
Jon Maiak Kantu bat gara izeneko disko-liburua argitaratuko du [...]
Zea Mays taldeak ‘Kemena’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu
Posted on 2021-09-24 by KulturSharea
Izen bereko EP-a kaleratu du talde bilborratak, 'Inondik Inora' [...]
Nøgen taldeak kontzertu berezia eskainiko du urriaren 1ean, Bilbon
Posted on 2021-09-23 by KulturSharea
Urriaren 1ean Nøgen taldeak kontzertu berezi bat eskainiko du Bilbao [...]

Page 19 of 57

Zabaldu: