Aran Santamariaren ‘Hostoz hosto erantzi!’ erakusketa Donostian ikusgai

Posted on 2021-02-04 by KulturSharea

Otsailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa Okendo Kultur Etxean.

Ugariak eta anitzak dira Aran Santamaria artista zumaiarrak bisitatutako liburu azokak; zenbat eta bereziagoak orduan eta erakargarriagoak. Bertan ikusitako liburu eder horiek, gero, nola moldatu eta birsortzeko ahaleginean aritzen da Santamariaren irudimena; bera konturatzerako orduan eta eskuekin lanean hasi aurretik, irudimena martxan du. Papera eta liburuak maite ditu artista honek eta maitasun hori bere lanean nabaritzeaz gain, berarekin lanean aritzen direnei helarazten saiatzen da, batez ere bere ohiko lagun diren haurrei eta gazteei. Horretarako, hainbat tokitan antolatutako arte tailerrez baliatzen da, “haur bakoitzaren txinparta zirikatzea gustatzen zaidalako, eta batez ere naturaltasuna dudalako maite”, dio Santamariak.

Hala, liburu zaharrak oinarri hartuta eta pop up teknika erabiliz, liburu berriak osatzen ditu artistak; eta horretarako desplegableak, collageak, zuloak edota hariak bezalako teknika anitzak erabiltzen ditu. Beti ere istorio berriak irudikatuz eta sormen lanak garatuz; paperezko istorioak eraikiz eta paperezko arkitekturan arituz.

Bide beretik, eta sorkuntza prozesuan beste urrats bat gehiago emanez, nabarmendu behar dira ere Santamariak ohikoak dituen enkarguz egindako liburuak; liburu pertsonalizatuak dira, bezeroari egokitutakoak, eta haren liburu kuttunak, argazkiak, zaletasunak, lanbidea, ametsak… biltzen eta adierazten dituztenak.

Halaber, kolaborazio aipagarri anitz ere burutu izan ditu artistak; besteak beste, Zumaiako Txingurri loradendako erakusleihoan egindako moldaketa lanak; The Balde aldizkarirako pop-up formatuan sorturiko aldizkari eraberritua; Maite ditut maite arte liburuaren azala edota Soka gorri emakumearen egunerako egitarauaren esku programa.

Erakusketa Donostiako Okendo Kultur Etxean bisitatu ahal izango da otsailaren 27ra arte. Bisita gidatuei dagokienez, azaroaren 27an, 18:30ean egingo da aurrenekoa euskaraz eta abenduaren 11n, ordu berean gaztelaniaz.

You may also like

Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez erakusketa Tabakaleran
Posted on 2020-09-25 by KulturSharea
Urriaren 12ra arte bisitatu ahal izango da Tabakalerako Kutxa Kultur [...]
Juan Luis Goenaga margolariaren ibilbidea 128 artelanen bidez
Posted on 2020-09-07 by KulturSharea
Erakusketa 2020ko irailaren 4tik 2021eko urtarrilaren 10era egongo da [...]
Sorgin ehizaren inguruko erakusketa Donostiako Okendo Kultur Etxean
Posted on 2020-02-21 by KulturSharea
XV. mendetik XVIII. mendera 250.000 emakume hil zituzten krudelkeriaz, [...]
Ignacio Goitia artistaren erakusketa bisitatzeko azken egunak Bilbon
Posted on 2020-01-29 by KulturSharea
Otsailaren 2ra arte egongo dira artistaren obrak Bilboko Rekalde [...]
‘Artxiboak, beharrezko erregistroak’ erakusketa paratu dute Bilbon
Posted on 2020-01-23 by KulturSharea
‘Artxiboak, beharrezko erregistroak’ erakusketa Bizkaia aretoan egongo [...]
Juliantxo Irujoren ‘Isuriz doa bizitza, ukimena eta ametsak’ erakusketa
Posted on 2020-01-21 by KulturSharea
Bildumak Bilboko sortzaileak bere azken etapan sortutako artelanen [...]
‘Gerra Zibila Gipuzkoan: Erresistentzia eta Duintasuna’
Posted on 2020-01-12 by KulturSharea
Donostiako Koldo Mitxelenan urtarrilaren 18ra arte ikusgai egongo den [...]
Trixerten erakusketa paratu dute Iruñeko Katakrak liburu dendan
Posted on 2019-10-29 by KulturSharea
Berria egunkarian argitaratutako albisteetatik sortutako elastikoak, [...]

Page 3 of 3

Zabaldu: